XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez jakin oraino zer kondenamendu ukanen duten.

Agian ez dute odolik ixuriko, odolak odola galdatzen baitu.

Besta goizean izan naiz mezaren emaiten errients-gaiak moldatzen dituzten eskola batean.

Neskato gazte horier erran diotet otoitz egin behar ginuela herri guziarentzat; ez zutela denek besta gogoan; ez ginituela gure otoitzean ahantzi behar beldurrean bizi direnak, preso daudenak, jatekorik, etxerik, lanik gabe direnak.

Meza ondoan, serorek erran dautate ikaran egonak zirela, ez ahal nuela bederen behar ez zenik aterako.

Aleman serora batek berriz: Alemanian Hitleren denboran jali banintu holako solasak, presondegia segura nuela.

Beharrik gure Mixel ez baita heien Adolf-en heinekoa!

Bixtan da kasu egin behar dugula, bereziki kanpotarrek, nola mintzo giren; orroitu ere haatik Liburu Sainduak zoin bortizki mintzo diren zakur mutu-etaz.

Zer etxe-zainak, zakur mutuak! Apezak zakur mutu bilakatzen bagira, adio etxea!

Horiek hola, ontsa joan da halere Errepublika eguna; jendea ere azkarki bildu da Bujumbura-ko kirola pentzerat.

Ez baitugu hemen Champs-Elysées-rik egiten dugu dugunaz besta: etxeko pentzea ez dugu batere itsusia, altzo batean xabal xabala, dena mendiz inguratua.

Bazterrak ere biziki eder dira orai: hor primaderan bezala, denak pizten baitira, euri-sasoina jitearekin.

Eta hor negua hastearekin, hemen gaitzeko aro goxoa.

Agur bero bat, hozten hasiak zirezten guzier.